Portugaleten eraila, 1975eko urtarrilaren 20an

2012-04-14

 Zein da irtenbidea?

Berriro ere gertatu da. Barakaldoko epaitegiek ezetz borobila helarazi digute, NARCISO SAN JUAN DEL REY guardia zibila epaitzeko eskabidearen aurrean. Guardia zibil horrek geure anaia Bittor erail zuen Portugaleten, Potasas de Navarra enpresako langileen aldeko grebara deitzen ari zenean. Guk JUSTIZIA (egia, aitorpena, erreparazioa, justizia, eta berriro ez gertatzeko bermea) besterik ez dugu eskatzen, baina Espainiako justiziak berrio ere abandonatu gaitu, berriro ere umiliatu gaitu. Behin eta berriro.

Ebazpenak, erailketari buruzko zalantzak sortzeaz gain, -los hechos puestos en nuestro conocimiento revelan la posible existencia de hechos que pudieran ser constitutivos del tipo penal de asesinato-, delituaren preskripzioa azpimarratzen du, gertatu zenetik hogei urte baino gehiago igaro direlako. Beste alde batetik, geure anaiaren erailketa gizateriaren aurkako delitutzat hartzeko eskatu diogun arren, - Erregimenarekin bat ez zetozen pertsona, talde eta herriak akabatzea helburu zuten Frankismoan gertatutako hilketen artean sartu behar delako-, 7 ECPI-EDL1998/49046 artikuluan oinarrituz, hilketa hustzat hartu dute. Gainera, Espainiako Zigor Kodearen 607bis artikulua 2004ko urriaren 1ean sartu zela indarrean erantzun digute. Baina, ez ote dute ezagutzen Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea? Ez ote dakite Estatu orok erantzun behar duela horrelako erailketa larrien aurrean?

Epaileen kastak badaki, jakin beharko zukeen, geure gurasoak 1977. urtean saiatu zirela hiltzailea justiziaren aurrera eramaten, eta epaitu ere ez zutela egin. Hori ote da arrazoia zalantza izateko gertaerei buruz? Badaki, ondo jakin ere, ez zituztela deklaratzera deitu erailketaren lekukoak. Badaki hiltzaileak eta kolaboratzaileek gezurra esan zutela. Badaki hiltzailea bizirik dagoela, barre-algaraka Frankismoaren biktimen kontura, geure anaiaren hilobiaren gainean, dantzan, eta esker oneko Espainiako (in)justiziarekiko. Badaki gure gurasoak berriro saiatu zirela, modu informalean, sozialisten lehenengo gobernua heldu zenean eta artean ere delituak preskribatu ez zuenean, kasua irekitzen; baina erantzuna “ez da garai egokia” izan zen. Kasta horrek badaki Aznarren garaiko gobernuarekin alferrik zela erailketa kasuak irekitzen saiatzea. Hori guztia badaki, zergatik erantzun digute delituak preskribatu duela, eta, ondorioz ezin dela ezer egin? Gainera, izugarrikeria hura erailketa delitutzat hartuta ere, ez dute jo Bilboko Epaitegietara, delituak preskribatu duen ala ez ikertzeko. Abandonua eta iraina, berriro.

Geure anaiaren erailketa delitua preskribatutzat jo ondoren, Estatuko Terrorismoaren deliturik gehienak preskribatutzat jo zituztenean, den-dena ondo lotuta, Memoria Historikoaren Legea heldu zitzaigun, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren biktima batzuei errekonozimendu epela eta eskasa egiten diena. Eta, orain, Euskal Autonomia Erkidegoan 1960. eta 1978. urteen artean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz izandako sufrimendu bidegabeen biktimen aitorpena eta erreparazioa egiteko dekretua atera nahi dute, harantzago ez doana, helburua ez delako ez hiltzailea identifikatzea ezta justizia egitea ere. Kontzientziako arra ito nahi izatea da hori.

Frankismoaren biktimekiko errukirik izan ez baina biktimarioekiko adeitsu jokatu duten epaile horiek eta lehengo eta oraingo gobernariek ere badakite frankismoaren delituak, Estatuko Terrorismoak eraginda, gizateriaren aurkako delituak direla, delituen intentsitatea eta dinamika edozein izanda ere. Haietako batzuek horrela aitortzen dute pribatuan, publikoan ausartzen ez badira ere. Badakite gizateriaren aurkako delituek ez dutela preskribatzen, horiek noiz gertatu diren ere; eta Espainiako Zigor Kodearen 607bis artikulua, 2004ko urriaren 1ean indarrean sartu zela esatea oso indar gutxiko argumentua dela, edo argumentu ezaren seinale edo, balizko ondorioen aurrean, koldarkeriaren seinale; eta gizateriaren aurkako delituak 1945eko Londreseko Estatuturen 6 c. artikuluan definitu zirela, hau da, 1975. urtea baino lehen, Narciso San Juanek geure anaia erail zuen urtea. Are gehiago, epaile eta gobernari horiek badakite nazioarteko zigor araua 1975 urtea baino lehen indarrean jarri zutela. Eta, jakin ere, badakite delitu horien barne tipifikazioa egon zein ez, nahiz eta barne zuzenbideak ez zigortu, nazioarteko zuzenbideak ez duela salbuesten delituaren egilea, zuzenbide horren arabera delitua bada. Beraz, Espainiako justizia, hiltzailea ez epaitzearen alde azaltzen ari denez behin eta berriro, hilketa zigorrik gabe betiko uzteko laguntzen ari da, zeren eta, barne legislazioan, gizateriaren aurkako delitua tipifikaturik egon ez arren, nazioarteko legalitatearen printzipioaren arabera jokatu beharko zukeen.

Egia esan, ez gaitu harritzen egoerak horrek. Oso arrunta da 1936. urtetik, baina guk modurik krudelenean sufritzen dugu 1975.etik. Bittor, geure anaia, hiltzeaz gain, harrez geroztik erakundeen babes falta, abandonu eta umilazioa etengabeak dira, eta kalte izugarri txarrak eragin dizkigu, justizian jarrita genuen konfiantza apurra ia galtzerainokoak.

Zer nahi du, baina, Espainiako justiziak? Zergatik ukatzen ditu gertaerak Espainiako Eskuinak? Zergatik ixten ditu begiak izugarrikeria horren aurrean, hainbeste urtetan gobernatu duen Ezkerrak?

Zein da irtenbidea, hiltzailea epaitu ez eta erailketa zigortu gabe uzten badute? Zein da irtenbidea, munduko ezjakinenak ere ikusten badu frankismoaren biktimei ez zaiela eman nahi merezi duten ordaina? Zein da irtenbidea, indargabetu nahi ez bada frankismoaren delituak legitimatzea eta delitu haien erantzule politikoei label demokratikoaren izaera ematea helburu zuen Amnistiaren Legea? Zer egin ahal dugu nabaria bada Espainiako erakunde politikoek neurri desberdina erabiltzen dutela, biktimen arabera? Zer egin ahal dugu argi baino argiago badago memoria kolektibotik desagerrarazi nahi dituztela frankismoaren biktimak? Zein da irtenbidea? Isiltzea eta burua makurtzea? Ez horixe! Egoera horrek samindu egiten gaitu, biktimak, geure anaia kasu, berriro hilko balituzte bezala delako. Eta geure anaiarekin batera, gu geu ere bai. Ez dugu hitz egite aldera hitz egiten. Babes falta horrengatik beste anaia bat galdu genuen: erakundeek zergatik abandonatu gintuzten, justiziak zergatik ez zuen hiltzailea epaitu, ezin ulertuz joan zen.

Horrela gaude Bittoren familia, eta antzeko egoeran daude milaka hildakoen, milaka sarraskituen eta bide bazterretan fusilatu eta zuloetan abandonatutakoen familiarrak. Hori izugarrikeria!

Hilketen ankerkeriak hain dira ikaragarriak, epaile eta politikari asko izutu egiten direla. Ebidentziak ukatuz, gertaerak ukatuz edo zalantzak sortuz, masakre haien arrasto zantzurik gabeko memoria kolektibo berri bat asmatu nahi dute. Koldarrak!

Guk, JUSTIZIA egiteko borondateari eutsiz, tinko jarraituko dugu, Espainiako justiziak egitera derrigortu gaituen eta  hamaika traba dituen bidean aurrera. Eragozpen horiek guztiak gaindituko ditugu, Estrasburgora heldu arte. Hori besterik ez dugu eta!

Mariefi, Fermín eta Maria José, Bittorren anaia-arrebak


http://www.rebelion.org/noticia.php?id=147180

http://www.deia.com/2012/04/09/opinion/tribuna-abierta/que-nos-queda

http://www.gara.net/paperezkoa/20120410/333694/es/Que-nos-queda