Portugaleten eraila, 1975eko urtarrilaren 20an

2011-01-07

Motibazio politikoko biktimei buruzko txostenaren balorazioa

Ez zapuztu, gero, motibazio politikoko biktimen ametsak!


2010eko abenduaren 1ean motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren eta sufrimendu bidegabeen biktimei buruzko txostena aurkeztu zen Eusko Legebiltzarrean.

Aitortzen dugu Eusko Jaurlaritzan aipatutako txostena aurkeztea pausu bat dela, bertan Estatuaren Segurtasun Indarren eta Estatuaren babespeko talde inkontrolatu eta parapolizialen ardurapeko giza eskubideen bortxaketak eta urratze larriak, bizitza kentzerainoko urratze larriak, izan direla onartzen baita.

Aitortzen dugu, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren sostengua diren PSE-EE eta PP alderdiek hiritar askoren  giza eskubideak Estatuaren Segurtasun Indarrek urratu dituztela onartzea pausu bat dela. Euskal herritar gehienok aspaldian eman genuen pausua da. Beraz, ona da, bi alderdi horiek gehiengoaren altzora etorri izana.

Azkenik aitortzen dugu giza eskubideen urraketa motibazio politikoko indarkerian oinarritu dela onartzea norabide egokian emandako urratsa dela. Motibazio politikoko indarkeriari buruzko 3. ezaugarrian hauxe esaten da: “Asmo politikoa dago indarkeriaren jomuga diren subjektuak hautatzeko orduan, bai arrazoi politiko edo ideologikoengatik aukeratzen direlako, bai herritarren artean beldurra eta izua eragiteko helburu orokorrari erantzuten diotelako — nahiz eta biktimak ausaz eta bereizi gabe aukeratu”.

Baina ez dezagun ahaztu, hori guztiori txalogarria bada ere, helburua ez dela alderdi politikoek frankismoaren garaian eta demokraziaren garaian gertatu diren giza eskubideen urraketak izan direla onartzea. Ez, helburua ez da hori. Hori horrela gertatu dela onartzea eta aitortzea ezinbestekoa da. Helburua erreparatzea, ordain integrala da. Eta horretarako Estatuak publikoki onartu behar du egindako kaltearen erantzukizuna eta bere gain hartu behar du ordain integralaren ardura. Biktimak aitortzea, egia ezagutaraztea, gizalegez eta duintasunez tratatzea ezinbestekoa da, justizia egingo badugu.

Barkatu eszeptikoegiak izateagatik, baina motibo asko ditugu horretarako. Izan ere, Jaurlaritzan aurkeztutako txostenean egindako aitorpena, gizartean, biktimengan eta biktimen familiartekoengan esperantza sor lezakeen motibazio politikoko indarkeriak sortarazitako sufrimenduaren aitorpena, iruzur hutsa izan liteke biktimak engainaturik sentituko bagina. Ikus dezagun:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko egungo agintariek ez dute inolako autokritika publikorik egin motibazio politikoko biktimek jasan duten eta jasaten ari diren erakundeen abandonuagatik.

  • Txosten honetan biktimen izen-zerrenda eta bizipenak falta dira. Bazterturik eta ahazturik sentitzen garen biktimen ahotsa falta da. Beste biolentzia mota bateko biktimek, berriz, arduradun politikoen hurbiltasuna izan dute. Gainera, aitortuak eta omenduak izan dira.

  • Estatu batek, Zuzenbidezko Estatu Demokratikoa izateko, gutxienez bi ezaugarri hauek izan behar ditu: legitimoa izan behar du ( horretarako, gehiengoaren onarpena eta  giza eskubideak oinarri izan behar ditu) eta legala izan behar du. Argitaratu berri den txostenean, Memoria Historikoaren Legean gertatu den bezalaxe, ez da estatu frankista legez kanpokotzat jotzen, ezta ilegitimotzat ere. Badirudi horrela ez adieraztean legitimitatea eta legezkotasuna aitortzen zaizkiola. Horrelakoa zen agintarien ustez?

  • Plazaratu berri den txostenean, -1968-2010 epeari dagokiona-, Memoria Historikoaren Legean bezalaxe, Frankismoaren garaiko erailketa politikoek ez dute Estatu-terrorismoaren izaera ezta gizateriaren aurkako erailketaren izaera ere. Horrek Estatuaren Segurtasun Indarren erailketa asko eta asko zigorrik gabe geratzea ekarri du. (ikus Espainiako Zigor Kodea). Abenduaren 1eko txostenean ematen den motibazio politikoko indarkeriari buruzko definizioan oinarrituta, erailketa politiko horiek Estatu-terrorismokotzat jo, eta Nazioarteko Auzi Gortearen eskumenekoa izatea proposatu beharko litzateke, gizateriaren aurkako delitutzat joz, eta Erromako Estatutuaren eskuduntzak indartuz.

  • Ez dirudi giza-eskubideen urraketa (erailketa, tortura, derrigorrezko desagerpena) jasan duten hiritarrak hiru alditan (zer gertatzen da 1968tik baino lehenagoko biktimekin?) banatzeko arrazoia, justizian, ikerketan, edo balizko delituak argitzean oinarritzen denik. ¿inork ez du jakin nahi nola eta zergatik gertatu diren urraketa horiek? Erailak eta biktimak zeiharlerroz idatzitako gizarte-gertakari historiko batean kokatu nahi gaituzte. Baina, gezurra izango litzateke, eta, ondorioz,ez luke bakea ekarriko.

  • Motibazio politikoko indarkeriaren biktima bat ere ez gaituzte Estatu- terrorismoaren biktimatzat jo. Harrigarria benetan, 2008ko ekaineko giza eskubideen urraketei buruzko txostenean, ekintza bat terrorismokotzat jotzeko erabiltzen diren argudioak, bai egitura mailan, bai maila teleologikoan baita hiltzeko pertsonak aukeratzerakoan ere biktima bat motibazio politikokotzat jotzeko berberak baitira.

  • Txostenean aipatzen den lehen denbora tarteari dagokionez (4. Testuinguaren 1. puntua) honako hau esaten da: “Aldi hartan, diktaduraren aurkarien kontrako errepresioa Estatuaren aparatutik gauzatzen zen, Estatuaren babes osoarekin, behar ziren arauak eta erakundeak erabiliz. Azken batean, oinarri-oinarriko giza eskubideen ukapen nabaria zen. Aurkari politikoak zigortzera bideratutako motibazio politikoko indarkeria zen. Era berean, herritarren artean izua hedatzea bilatzen zen, errebindikazio politikoaren zabalkundea saihesteko”. Ez da hau Estatu-terrorismoaren definizioa?

  • Motibazio politikoko delitu asko Estatu-terrorismokotzat ez jotzeak ez ikertzea, auzia uztea eta preskripzioa ekarri ditu. Kontuan izan behar dugu Estatukoa ez den terrorismoaren delituek ez dutela preskribitzen (ikus Espainiako Zigor Kodea).

  • Aurrekoaren ondorioz, ez da onartzen Estatu-terrorismorik; hortaz, ez da, maila etiko-moralean terrorismo motarik txarrena den terrorismo horren baloraziorik egiten, ezta gaitzesten ere. Burua hegalpean sartuta ez da arazoa desagertzen.

  • Behin eta berriro esaten da Estatukoa ez den terrorismoaren biktimak eta motibazio politikoko biktimak ez direla parekagarriak, baina

a.       parekatu gaituzte denbora-tarteari dagokionez. Zergatik jarri da denbora-tarte berbera? Zergatik hasi behar da 1968ko urtarrilean (ETAk bere lehenengo atentatua egin omen zuen urtea), eta zergatik baztertu dituzte 1936-1968 urteetako biktimak? Ematen du, hasiera urtea 1968an jartzearekin motibazio politiko biktimak urte horretan bertan hasi zirela esan nahi dela, edo-eta ETAren indarkeriak sortarazitako biktimak direla. Baina denok dakigu txosten honetatik kanpo utzi nahi dituzten biktima gehienak ETAren aurrekoak direla, eta beste batzuek, geure anaia kasu, ez dutela zerikusirik ETArekin.
b.      biolentziak deslegitimatzeko, aldiz, ez gaituzte parekatu. Giza eskubideak urratu dizkieten biktimak aitortzeak ez duela ETAren biolentzia legitimatzea ekarri behar esaten da, arrazoi osoz. Ez da esaten, aldiz, ETAren biolentzia ez dela Estatu-terrorismoa justifikatzeko eta Estatu-terrorismoaren biktimak ahazteko aitzakia izan behar. Zergatik?
c.       1968-1977 urteetako biktimak ere ez gaituzte estatuarena ez den terrorismoko biktimekin parekatu nahi: “Euskadin indarkeriak eragin dituen giza eskubideen urraketek sortutako sufrimendu bidegabeen” babespean, agintari publikoek eta euskal gizarteak lau kategoria horietako biktimak aitortzeko betebehar moral eta legala dute, betiere, nahastu gabe baina ezta ahaztu gabe ere, eta uneoro talde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu eta errespetatuta, oso egoera desberdinak parekatu gabe”.
d.      ahaztu egiten zaie jatorriz desberdinak bagara ere, erreparazio mailan berdinak izan behar dugula. Biktima eta eraildako guztiak dira mingarriak, alde batekoak beste aldekoak bezain mingarriak. Horregatik, tratamendu mailan berdinak izan behar dugulako, desagertu egin behar dira desberdin egiten gaituzten barrerak.

  • Tostenaren denbora-tartearen hiru aldiei dagokien zatian zera esaten da: “Hirugarren aldian, joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren bigarren erditik aurrera gertatutako giza eskubideen urraketak eta sufrimendu bidegabeak daude, Estatuko eragilek politika antiterroristaren barruan gehiegikeriaz jokatzearen eta autoritate-abusuaren ondoriozkoak. Jazartzeko moduko eta bide penaletik zigortzeko moduko giza eskubideen urraketak dira, baina ezin dira, orokorrean, motibazio politikoko indarkeriatzat hartu”. . (Irak. 4. Testuingurua). Zertzat hartu behar dira? Justifikatu daitezke ETAren biolentziagatik?

  • Gomendioen artean aipamen bat dago giza eskubideen urratze larrien ikerketei buruz: “giza eskubideak modu larrian urratu dizkieten pertsonen eskubideak hiru puntutan oinarritzen direla: egia jakiteko eskubidea, justizia izateko eskubidea eta erreparazioa jasotzeko eskubidea. Inpunitatearen aurkako borrokan hiru eskubide horiek elkarri loturik daudela eta osagarriak direla modu zabalean onartzen dute doktrinak, nazioarteko eta eskualde mailako tresnek, eta baita estatu batzuetako zuzenbideak berak ere. Jarraian honako hau esaten da: Atal honetan, ondorengo printzipioetan esaten dena hartuko dugu oinarri gisa: Batetik, Giza eskubideen gaineko nazioarteko arauen ageriko urraketak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larriak jasan dituzten biktimek errekurtsoak jartzeko eta erreparazioa lortzeko duten eskubideari buruzko oinarrizko printzipio eta arauak ditugu (aurrerantzean Oinarrizko Printzipio eta Jarraibideak deituko ditugu); eta, bestetik, inpunitatearen aurka borroka eginda giza eskubideak babestu eta sustatzeko printzipio multzo eguneratua. Baina Espainiako barne zuzenbidearen arabera biolentzia mota hau ez da terrorismoa; beraz delitu asko zigorrik gabe geratuko dira. (motibazio politikoko indarkeriak preskribatu egiten du, terrorismoaren delitutzat hartzen ez bada)

  • 1984.urtetik hona, ikertu ez diren torturen salaketa txostenak ez dira aipatzen. Ikertzeko borondatea ere ez da erakusten.


Kontuan izan behar dugu txosten honetan antzematen diren hutsune larri hauek  Zuzenbidezko Estatua deslegitimatu egiten dutela, eta ez dietela giza eskubideen urraketa jasan duten biktimei laguntzen hasi den prozesu honetan sinesten. Horregatik argia ikusi berri duen txostenean aipatzen diren neurriez gain (Erakundeetako administrazio-gunea, arauak, behar besteko dirua, adierazpen publiko instituzionala)   honako neurriak proposatzen ditugu:

a.       1936-2010 denbora-tartea hartuko duen motibazio politikoko indarkeriaren biktimei buruzko txotena egitea. Txosten hori biktima hauek aitortzeko eta erreparazio integralerako txostena izango da, terrorismoaren biktimei buruzko txostenaren menpekoa izango ez dena.

b.      2008ko txostenaren biktimen zerrenda txosten berriaren hasiera izatea. Zerrenda hori publikoa, herritarrek errez lortzeko modukoa, eta 1936tik honako biktimak barne hartu behar ditu. Eskubide hori ukatzea berriro ahaztera kondenatzea izango litzateke eta historiak ez luke aurrera egingo. Zerrenda biktimen eta berauen familiartekoen bizipenekin osatu beharko litzateke.

c.       Biktimak garela frogatu ahal izateko, epaitegietan, artxibategietan,… dagoen dokumentazioa lortu ahal izateko bidea zabalik izatea. Informazioa eta dokumentazioa lortzeko lan nekosoak hiritarren bizkar ez jartzeko, aipatu dokumentazioa zuzena, osoa eta publikoa izango da, eta komunikabideetan lege eta dekretuen edukiak argitaratu beharko lirateke.

d.      Erakunde publikoek 1936-1977 denbora-tarteko biktimak Estatu- terrorismoaren biktimak garela publikoki aitortzea eta biktimak ahazteagatik autokritika egitea.

e.       Bigarren mailako biktimak ez bagara, behin eta berriro esaten denez, terrorismo mota guztietako biktimen eskubideak parekatzea.

f.       Ikuspuntu etiko-moraletik, terrorismorik txarrenaren erabateko deskalifikazioa: Estatu-terrorismoa.

g.      Memoria Kultura eraiki nahi bada, egia esatea. Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeek salatu behar dute frankismoaren garaiko gobernuak ilegitimoak eta legez kanpokoak zirela, eta Frankismoaren garaiko Segurtasun Indarren, eta Estatuaren babesa izan zuten talde parapolizialen eta talde inkontrolatuen delituek Estatuko terrorismoaren edo gizateriaren aurkako delituen izaera dutela.

h.      Egian oinarritutako Memoria Kultura eraiki nahi bada Egiaren Komisioa sortzea, egiazko aitorpena, ordain integrala eta justizia lortzeko.

i.        Biktimak duintasunez tratatzeko eta sinesgarritasuna izateko aukera ematea Justiziari delituen preskripzioa kentzeko, egia jakinarazteko, akusatua epaitzeko eta, errudun izanez gero, zigortzeko.


Justizia egin nahi bada, EGIA esan behar da, ez da inor baztertu behar, ez da barne-zuzenbidea oztopotzat baliatu behar frankismoaren garaiko erailketak estatu-terrorismokotzat ez jotzeko. Biktimak DUINTASUNEZ tratatzeko, emandako pausua sinesgarria izan behar da. Motibazio politikoko indarkeriaren biktimak daudelako AITORPEN formala gainditu eta ERREPARAZIO INTEGRALA emateko baliabideak jarri behar dituzte. Helburua JUSTIZIA egitea da. Ez da mendekua, ezta gorrotoa ere. Baina ez dugu okerbidetik abiatu nahi. Geure bizitzaren atal mingarri bat itxi nahi dugu. Ez dugu beste bat zabaldu nahi. Guk badakigu zer den sufritzea eta ez dugu sufritzen jarraitu nahi. Bakea nahi dugu. BARNE BAKEA, ARMONIAN bizi ahal izateko. Bestela arazoa ez da konponduko, eta biktimen esperantza eta ametsak zapuztuko dituzte.

Mariefi
Fermin
Maria Jose

Victor Manuel Perez Elexperen anai-arrebak.
Victor Portugaleten erail zuten 1975eko urtarrilaren 20an.

No hay comentarios: