Portugaleten eraila, 1975eko urtarrilaren 20an

2011-01-05

Maixabel Lasarentzako idatzia

Getxon, 2010eko urriaren 22an

Agur, Maixabel:

Fermin naiz, Victor Manuel Pérez Elexperen anaia. Dakizunez, Victor Frankismoaren Biktima izendatu dute aurten.

Zure zuzendaritzaren aldetik “Victimas del a violencia política” delako txostenaz, berririk izan ez dudanez, azken egunotan birritan deitu dizut zuzendaritzara eta baita nire telefono zenbakia utzi, baina alferrik. Pentsatu nahi dut ez dizutela deia edo mezua helarazi.
Gogoratuko duzunez, uda baino lehen, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bildu ginen: zuk zeuk, Txema Urkijok, Giza Eskubideen Bulegoko ordezkari batek eta gure anaia zenaren anai-arrebok parte hartu genuen. Luze hitz egin genuen, baina ideia batzuk argi eta garbi geratu ziren: Bilera hartan, Txema Urkijok esan zigun 2010eko uda baino lehen, “Victimas de la violencia pólitica” edo izeneko txosten proposamena bidaliko zela Eusko Legebiltzarrera, eta guri txosten proposamen hori helaraziko zigula aztertzeko, gure anaia txosten horretan sartu ala ez erabakitzeko. Izan ere, guk proposatu eta zuek onartu egin zenuten geure anaia Narciso San Juan del Rey guardia zibilak erail zuela azalduko zela txostenean.

Gaur, urriak 22, ez dakigu ezer txosten horri buruz. Antza, hitzak haizeak daramatza.

Beste alde batetik jakin nahiko genuke, 2010eko irailaren 7an Espainiako Diputatuen Kongresuko Komisioan aztertu zen “Ley de reconocimiento y protección integral de las víctimas del terrorismo” delako proposamenak Frankismoaren Biktimak ere barne hartuko dituen, geure anaia ere barne hartuko duen. Izan ere, Bilboko bilera hartan, Txema Urkijok esan zuen “Victimas del terrorismo” eta “Victimas de la violencia política” kolektiboen arteko desberdintasun bakarra izen mailakoa zela.

Susmoa dugu, azken berrien arabera, bi kolektiboen arteko desberdintasuna ez dela semantika kontu hutsa.. Bestela, zergatik jarri izen desberdina desberdintasunik ez duten kolektiboei. Desberdintasuna sakonagoa da, mami kontua, hain zuzen ere. Bi kolektibo desberdin: batak eskubide gehiagorekin. Lege proposamen horretan ez baitira kontuan hartzen Guda Zibil eta Frankismoaren biktimak. Zer esan terrorismoaren biktimek Euskadiko eskoletan beren esperientziari buruz hitz egiteko izango duten aukerari buruz? Guk ere izango dugu aukera berbera?

Nor zu zeu edo Txema Urkijo baino egokiagorik susmo txar horiek uxatzeko?

Urte asko daramagu geure anaia hil zuen guardia zibila, Narciso San Juan del Rey, justiziaren aurrean jarri nahian; hiltzailea babestu zuten politikariak eta Erregimena salatu nahian; batzuek zikindu zuten gure anaiaren izena garbitu nahian; egia azaleratu nahian; errekonozimendu, bisibilitate, eta babesa lortu nahian. Justizia egin nahian, labur esanda.

Eta bide horretan pausuren bat eman badugu ere, gainontzeko biktimok lortu(ko) duten/duzuen guztia lortu nahi dugu guk ere bai: geure anaia, gu geu, lehen mailako biktimak baikara, batzuentzat mendekuzale eta gogaikarriak izan arren.

Bidean tinko, eskertuko nizuke nirekin harremanetan jarriko bazina.

Ondo izan

Fermin Perez Elexpe
Victor Manuel Perez Elexperen anaia

No hay comentarios: