Portugaleten eraila, 1975eko urtarrilaren 20an

2011-03-13

Ez da garai egokia!


            Elkartasuna, Aitorpena, Erreparazioa, Agerian egotea, Eskertzea, Esperantza, Egia, Oroitzapena, Duintasuna, Justizia... Ez dakit ezer ahaztu zaidan. Ez dakit niretzat oraindik badagoen borrokan aritzeko besterik.
            2010eko azaroaren 10ean, omenaldi bat egin zitzaien terrorismoaren biktimei. Batzuei. Beste batzuek, ni tartean, ez dugu merezimendu nahikorik egin elkartasunik, aitorpenik jasotzeko... "Gurea" beste bide batetik omen doa. Gu berriz ere erailko bagintuzte bezala da.
            1975eko urtarrilaren 20a zen, astelehena. Ilunpea, kaleko argi ahul batek bakarrik hautsia. Goizeko seiak ziren, eta, lanerako bidean eta erne baino erneago, eskuorriak botatzekoa nintzen Nafarroako Potasas enpresako langileekiko elkartasunez, bezperan PTren zelularen bileran hala egitea erabaki baikenuen, enpresa hartan greban ari zirelako lan itun duin baten alde. Erne ibiltzea nahikoa ez, ordea, norbait zain daukazuenean, norbaitek gorroto gorria dizunean. Hala, Narciso San Juan del Reyk, Guardia Zibileko kabo eta nire bizilagunak, balaz josi ninduen Portugaleten, bizkarretik, segurtasun indarretako beste kide batzuen laguntzaz —erailketan konplize koldar—.
            Ez haiz erori? Orain eroriko haiz! —bota du Narcisok.
            Baletako batek bihotza zeharkatu dit. Hilzorian nago.
            Nire gurasoak saiatu dira guardia zibila auzitara eramaten, saiatu dira justizia egiten. Mila esker lekukoei! Mila esker abokatuei! 1977. urtea da, eta kasua artxibatu egin dute azkenean. Ez da garai egokia.
            1980ko hamarraldia, Felipe Gonzalezen gobernuak, auzia berriz irekitzeko esperantza. Ez naiz nor haren elkartasun eta onarpena merezi izateko. Hori ere ez da garai egokia.
            Aita hil zait, egiaren distira ikusarazi gabe. Tristura, mina eta ezina. Eskerrik asko, aita. Saiatu zinen. Baina ez zen garai egokia!
            1996. urtea. Nire anaia Ignacio hil da, ulertu ezinik zergatik ezin zen justizia egin. Zeharkako erailketa, zeharkako biktima.
            —Zerbait egin beharra dago. Ezin da bere horretan utzi —nire anaia Ignaciok.
            Ez, Ignacio. Horrela ez dira konpontzen gauzak. Horrela sufrimendua handitu besterik ez da egiten. Minak mina ekartzen du —nire amak eta anai-arrebek. 
            2007. urtean. Portugalete eta Sestao bitarteko nasa. Oroimena baduen jendea; lagunak, ezagunak, familia... Gerra Zibilean eta frankismoan eraildakoekin solidarioak dira; gogoan gauzkate. Kontatu egiten dute zer gertatu zen. Horra pozaldi txiki bat amarentzat, anai-arrebentzat. Hobeto sentitzen naiz.
            Memoria Historikoaren Legea onartu da. Esperantza apur bat pizten duen pauso bat, baina pauso laburra, inolaz ere ez nahikoa, ez dituelako kontuan hartzen frankismoaren biktima guztiak, oso malkartsua delako informazioa eta dokumentazioa eskuratzeko bidea, ez dituelako legez kanpokotzat jotzen frankismoaren epaiketak. Lege horrek familiakoen bizkar gainean uzten du gerra zibilean eta ondorengo urteetan fusilatu eta hobi komunetan utzitakoak bilatu eta identifikatzeko lana. Hogeita hamar urte pasatu dira 1977az geroztik, Konstituzioa eta Amnistia Legea argitaratu zirenez geroztik. Delituak preskribatuta daude. Hori kasualitatea!
            2010. urtea. Asko borrokatu eta gero, dena gogoan edukita, nire anai-arrebek lortu dute ni frankismoaren biktima izan nintzela aitortzea, balio demokratikoen aldekoa izateagatik hila, arrazoi politiko eta ideologikoagatik jazarpena eta indarkeria sufritutakoa. Hala aitortu dute Espainiako Gobernuaren dokumentu batean. Dokumentu hori ez da ateratzen argitara. Pribatuan aitortzen dute, baina ezkutatu egiten naute. Noiz izango da garai egokia?
            —Agerian egon beharra daukat; egia jakitea beharrezkoa zait.
            Azkenean, zenbait komunikabidek eman dute albistearen berri. Agintariek hitzik ere ez. Non daude lehendakaria, Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendaria eta Giza Eskubideen Bilegoko zuzendaria? Non dago Portugaleteko alkatea? 
            —A! Uste nuen nik ere banuela eskubidea Elkartasuna, Aitorpena, Erreparazioa izateko, Agerian egoteko... baina jendaurrean.
            —Zuen anaiaren kasua multzo honen barruan dago: "Giza eskubideen urratzeen biktimak eta motibazio politikoko indarkeria dagoen egoera bateko sufrimendu bidegabeen biktimak".
            Ez da makala izena! Bai, eskubidea izango dut. Baina ez da garai egokia. Nirea beste bide batetik doa. Halako ironiarik! Ni bidetik bazterrera bota ninduten orain dela 35 urte baino gehiago.
            —Ez dut ulertzen. Ez al gara, bada, guztiok "giza eskubideen urratzeen biktimak..."? —Ez al zen errazagoa izango talde bakar batean kontuan hartzea arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena eta indarkeria sufritu dugun guztiok, talde bakar batean kontuan hartzea proiektu bateratzaile eta totalitario baten inposizioa sufritu behar izan dugun guztiok? Bada, ez; batzuk ez omen gara BIKTIMAK: biktimak gara, besterik gabe.
            —Ez gara hasiko kontzeptuen gainean eztabaidan. Garrantzitsuena zuen anaiarentzat aitorpena eta erreparazioa izatea da.
            —A bai. Ulertzen dut. Bi talde bereiz sortzen ari dira, eskubideak eta aitorpen eta erreparazio maila ere bereiz dituztela. Bestela, zer dela-eta bi izen, denok eskubide berbera baldin badugu aitorpena eta erreparazioa jasotzeko? Gu ere bagara —eta haiek badakite— Terrorismoaren Biktimak, Estatu Terrorismoarenak. Baina ez dute jendaurrean aitortu nahi.
            —Bai, ulertzen dut. Ez gara erosoak. Kontzientziak astindu egiten ditugu. Errepresioan zuzenean ibili zen jendearen kontzientzia. Frankismoa garai atsegina izan zela dioen jendearena, Konstituzioaren eta Amnistia Legearen bidez adiskidetu egin garela, ez dela atzera begiratu behar, ahaztu egin behar dela dioen jendearena. Beste alde batera begiratzen duen jendearena, gu Terrorismoaren Biktima ez garela dioen jendearena, txanpon batzuekin gu erostea badaukala uste duen jendearena.
            Zer espero izan dezakegu? Zerbaiten esperoan oraindik, hainbeste urte igaro eta gero? Izan dute aukera biktima guztiei Elkartasuna adierazteko. Baina gu, biktimok, ez dugu saltzen, ez dugu botorik ematen.
            Noiz iritsiko da garai egokia? Sekula ez? Sekula ez da garai egokia izango?
            Pauso txiki bat eman dugu. Baina ez da nahikoa. Nire anai-arrebek, ez dudarik izan, bila jarraitzen dute, Aitorpena, Erreparazioa eta Justizia lortzeko garaiaren bila.
            Arrazoi duzu, Ignacio. Ezin da bere horretan utzi.
            Haize freskoa, faborez!

Mariefi
Fermín
María José

Victor Manuel Perez Elexpe 1975eko urtarrilaren 20an Portugaleten hildakoaren anai-arrebak

Berrian argitaratua, 2010eko abenduaren 17an

No hay comentarios: